Ahozko hizkuntza

Ahozko hizkuntza gizakion oinarrizko hizkuntza da, eta idatzizkoa beronen irudikatzeko modu bat besterik ez da. Gainera idatzizkoak ez ditu islatzen ahozko komunikazioak bere baitan daramatzan ñabardura eta xehetasun guztiak. Ahozko hizkuntza gizakion komunikazio tresna oinarrizkoa den neurrian, egunerokotasunean gehien erabiltzen duguna da.

Derrigorrez, igorle bat eta hartzaile bat behar ditu ahozko komunikazioak, eta igorleak hartzaile zehatz bati eta egoera jakin batetan zuzentzen dio bere mezua (idatzizkoak ez du hartzaile hain zehatza). Komunikazio egoera arruntetan igorle eta hartzailea aurrez aurre daude, eta soinu mezuaz gain gorputzak eskaintzen digun keinu aukera desberdinez baliatzen da mezua xehetasunez aberasteko. Komunikazio egoera honetan, parte hartzen dutenen egoera (non, noiz, nola ... dauden) oso garrantzitsua izango da.

Ahozko hizkuntzaren beste xarma garrantzitsu bat bere unekotasuna da. Hitz egiten dena, esan orduko desagertzen da eta ez du atzera bueltarik, galkorra da. Gaur egungo teknologiak grabaketaren aukera ematen badigu ere eguneroko ohizko jardunean unekotasun hori mantentzen du.

Ahozko mezuan hiru esparru linguistiko berezi genitzake: soinuari dagokiona, hizkuntza unitate eta egiturei dagokiona, eta gaia edo ideien garapenari dagokiona.

Igortzen den soinuak doinu eta erritmo jakin bat izango du, egoerari une horretan dagokiona. Ahoskatzeko moduak ere azpi esanahi gehigarri bat ematen dio mezuari, esatariaren maila soziala, jatorria eta beste zenbait informazio ematen bai dizkigu.

Mezua modu egokian eraikitzeko, egitura linguistikoa eta zehaztasuna garrantzitsuak izango dira. Guztia zentzuz josteko, lotura eta adierazpen zuzenak erabiltzea premiazkoa izango da, eta hiztegi aberatsa eta zehatza izatea baita ere.

Gaiaren garapena ongi egitea ezinbestekoa da, azken batean komunikazioaren izaera informazio baten igortzean bai dago. Gaia ongi jakitea eta igorri nahi den informazioaren gai garrantzitsuena zein den bereiztea eta sobran dagoena baztertzen jakitea ezinbestekoak dira.

Alor linguistiko honez gain paralinguistikoa dago: erritmoa, etenak, zaratatxoak eta oro har hiztegian jasotzen ez ditugun hainbat komunikazio baliabide. Estralinguistikoa, keinuen esparruari dagozkiona, oso garrantzitsua da informazio iturri handia bita.