Atari hau Arabatik egina dagoenez, lurraldeko ingurune natural mitikoenari, eta ziurrenik mitologikoenari, leku berezi bat emango diogu. Atal hau garatzeko Carlos Ortiz de Zarateren Gorbeia. Paisajes y leyendas liburu interesgarri, aberats eta dotoreaz baliatu gara. Ortiz de Zaratek bildutako elezahar kopurua izugarria da. Beraz, honek adierazten digu Gorbeialdeko biztanleen mundu mitologikoa oso aberatsa dela. Gorbeia inguruan barreiatuta dauden herrixketako biztanleen bizibidea, antzinatik, bertako larre, baso eta errekekin batuta egon da. Eta ingurune natural honetan, gizakia sinismen ugari eta unibertso mitologiko bat eraikitzen joan da. Baina unibertso mitologiko honek, ñabardura bereizgarri batzuk baldin baditu ere, Euskal Herriko gainerako mitologiarekin bat egiten du. Agertzen diren pertsonaiak beste bailara batzuetako berdinak dira, eta elezaharrak ere antzekoak, aldaerak azken batean. Mari, Jentilak, Lamiak, Sorginak, Basajaun, Tartalo, Gizotso, Gau, Galtxagorriak, Etsai, Zezengorri, eta Mateo Txistu bezalako pertsonaiak agertzen zaizkigu. Ohiko pertsonaia hauek protagonista ez diren beste hainbat elezahar ere kontatzen dira. Nabarmentzekoa da, gehien agertzen direnak Mari, Lamia eta Sorginak direla; emakumezko pertsonaienganako sinesmena nagusi da Gorbeialdean. Honen lekuko da, Lamiari erreferentzia egiten zaion toponimia ugaria; hala nola: Laminerreka, Lamie-iturri, Laminategieta, Laminaputzu, Lamioxin, Cueva de las lamias. Basajauna eta Jentilak ere elezahar ugaritan agertzen dira. basajaun hanbeste aldiz agertzearen arrazoia, Gorbeia inguruan baso asko dagoela izango da; basoko jauna baita bera. Badira leku mitiko batzuk bertakoentzat. Haitzulo edota erreka esanguratsuak, bertakoek errespetu handia zioten lekuak, elezahar anitzen kokaleku direnak. Hala nola: Mairulegorretako haitzuloa, Legoaldiko haitzuloa, Armegortako haitz sakratuak, Jentilzulo, eta Itxinako gotorleku karstikoa. Itxinan badira leku berezi batzuk: Atxulaurren begia (Itxinara sarrera), eta batez ere Supelegorko haitzuloa, pertsonaia mitologiko anitzen bizileku. Hona hemen Gorbeialdeko herrietan kontatzen diren elezahar batzuk: EHIZTARI ATSEKABETUA ITURRIETAN, BEHOR ILEAK SUGE Herri sinismenak dionez behor ile bat iturri batera eroriz gero bertan suge bihurtzen omen da, eta norbaitek ura edatean sartzen bazaio izugarrizko sugea egiten omen da gorputz barnean. Urkabustaizen kontatzen denez, bertako neskatila bat haurdun gelditu omen zen, eta herritarrak jarrera lotsagabe hura aurpegiratzen zioten. Baina, neskatilak inorekin harremanak ez zituela izan erantzuten zuen behin eta berriro. Erditu zuenean, herritar guztiak hitzik gabe gelditu ziren, ez baitzuen ume bat erditu suge bat baizik. Orduan bai sinistu zioten, eta konturatu ziren iturri batetik ura edana izango zuela horrelako ezustekoa gertatzeko. GAU Gorbeialdeko Arabako lurretan gaueko jaunari Gau deitzen zioten. Oso arriskutsutzat jotzen zuten gauean etxetik kanpo ibiltzea, Gauren garaia baitzen hura. Goizean izotz arrastoak zeuden bitartean Gauren eragina zirauela pentsatzen zuten. Gazte batzuk menditik zihoazen gau batean, argi distiratsu bat ikusi zuen batek, eta izugarrizko ikara sartu zitzaion. Besteek barre egin zioten, ez zeukala zertan beldurrik izan esanez. Orduan gazteak erronka bota zien: ea nor ausartzen zen argiarenganaino joatea. Batek, arro-arro, erronkari heldu zion, eta argia zegoen lekuan aurkitzen zen pinutik baietz adar bat ekarri, erantzun zion. Joan zen mutila argia zegoen lekura, eta pinuaren adar bat apurtzen ari zela argia beregana hurbiltzen hasi zen. Orduan konturatu zen, argi hura izugarrizko zakur baten begien distira zela. Zakurrak esan zion, gau ez desafiatzeko; gaua, espirituen eta hildakoen erreinua zela eta. Gaztea, beldurraren beldurrez besteengana joan zen, pinu adarra eman zien, eta hitzik egin gabe etxeratu zen. Etxera iristean oheratu zen, eta ez zen gehiago esnatu. ARRABAKO USOA Elezaharrak dioenez, orain dela urte asko, bazen Markinan (Zuia) uso ehiza ikaragarri gustatzen zitzaion artzain gazte bat. Behin batean , atera zen ehizara eta uso bati bete-betean eman zion bere geziarekin, eta lurrera erori zen hegaztia. Jaso zuenean, bizirik zegoela ohartu zen. Penatuta, hil beharrean jaten eman eta zaindu egin zuen. Handik egun batzuetara, sendatuta zegoela ikusita, libre utzi zuen eta hegan jon zen. Baina, bere buru gainean hegaldi batzuk egin ondoren, uso zuria bere sorbaldan pausatu zen. Ordutik aurrera, harreman berezi bat sortu zen usoa eta artzainaren artean: gazteak egunero jaten ematen zion eta usoa etxolaren gainetik hegan ibiltzen zen, zelatan, artzaina babestuko balu legez. Usoa hainbeste maite zuela ikusita, gaztearen aitak esan zion ehiza egitera zihoanean ez ateratzeko usoa, bestela aztore batek hil zezakeela eta. Artzaina ahuntz batzuen bila joanda zegoen egun batean, txabola ondotik ehiztari bat pasa zen eta usoa utzi zezan eskatu zion aitari, ehizarako erakargailurik ez zuela eta. Aitak ezetz esan zion, baina ehiztaria temati jarri zen eta diru mordoxka bat eskaini zion. Orduan, aitak utziko ziola esan zion, baina eguna bukatu aurretik itzultzeko baldintzarekin. Ehiztaria Lekanda ingurura joan zen eta usoa libre utzi zuen. Artzain gaztea ere inguruan zebilen, eta ahuntz baten bila zebilela harkaitz batean oreka galdu eta amildegi batetik behera jausi zen. Usoak gertatutako zerutik ikusi zuen eta atsekabetuta begira gelditu zen. Une horretan azore bat etorri eta arrapatu egin zuen. Ilunabarrean ehiztaria usorik gabe itzuli behar izan zuen txabolara, eta, orduan, semea eta usoa desagertu zirela ohartzean, aitak okerrena pentsatu zuen. Denbora asko egin zuten berain bila, eta, halako batean, amildegi batean topatu zituzten biak elkarren ondoan hilik. Biak elkarrekin lurperatu zituzten. Aitak burua galdu zuen penaren penaz, eta ordutik basoan noraezean omen dabil negar zotinka. Beste batzuk, usoa benetan sorgin bat zela diote, eta Lekandako haitzean dauden bi orban gorriak sorgin maiteminduaren odol tantak omen dira. SAN JOSE ETA ETSAI Zuia eta Kuartangon kontatzen denez, San Jose arotza zen eta bere familia aurrera ateratzeko zura mozten aritzen zen bere aizto handiarekin; oraindik zerra ez baitzen ezagutzen. Etsai zelatan egoten zen gaiztakeriaren bat egiteko asmoz, eta San Jose bere errezoak egitera joan zen batean aroztegian sartu zen. Kaltea egiteko asmoz egurra mozteko erabiltzen zuen ahiztoa seboz igurtzi zuen, zerrautsa itsatsiko zitzaiolakoan eta egurra moztea eragotziko ziolakoan. ATXULAUR LEHIZEKO LAPURRA Orozkon kontatzen dute lapur bat bizi izan zela Itzineko mendian dagoen Atxulaur haitzuloan. Lapur hark, urteetan eginiko lapurretei esker, izugarrizko urre pila bildu omen zuen haitzuloaren barruan. Lapurretara beste lurralde batera joan zen batean, hil egin omen zen, eta inork ez zekien non gorde zuen bere altxorra. Behin batean, kanpotar batzuk Atxularko leizera joan ziren altxorraren jabe egiteko asmotan, baina, hurbildu zirenean, ahotik eta sudur zuloetatik sua zerion zezen gorri izugarri bat atera omen zen mehatxuka haitzulotik; lapurraren espiritua, hain zuzen ere. Hurrengo batean, hildako lapurraren hezurrekin joan ziren haitzulora kanpotar haiek, eta bertan utzi zituzten. Orduan bai, orduan atera ahal izan zuten altxorra haitzuloko zulo sakonetik, lapurraren gorpuak betiko atsedena lortu baitzuen. SUPELEGORREKO MARI LAMINERREKAKO LAMIA
Zeberioko herritarrak lamien inguruko elezahar ugari konta ohi zuten antzina. Herriaren inguruetan lamiak bizi ziren leku asko zeuden: ezagunena Laminerreka zen. San Juan egunean ateratzeko ohitura zuten Lamiak, eta Zeberiotarrak Lamia bat harrapatzea lortu zuten Laminerrekan. Eginahalak eginda ere ez zuten lortzen hitz egin araztea, eta halako batean, esnea izugarri gustatzen zitzaiela gogoratu ziren. Horrela bada, esnea irakiten jarri zuten eltze batean, eta irakin zuenean, honela esan omen zuen Lamiak: Zuria goian! Zuria goian! Hitz egitea lortu zutenez, erreka hartatik Lamiak desagertzeko zer egin beharra zegoen galdetu zioten. Honek erantzun zien, Lamiak Laminerrekati berehala alde egitea nahi bazuten, San Juan egunean jaiotako bi txal gorrirekin erein beharra zeukatela erreka. Horrela egin zuten, eta bertako nagusiek diotenez, erreka ereitean Lamien adats horiak atera ziren eta urra odolez gorritu zen. Ordutik, Laminerrekan ez da Lamiarik ikusten.
|